Bulkada berrien garaia da!

Leitzan elkartu gara milatik gora kide eta kide-ohi

Lehenik eta behin, gaur Leitzako plaza honetan egon ezin diren Altsasuko gazteei eta euskal preso eta iheslari politiko guztiei besarkada bero eta iraultzaile bat. Zuekin gaude, denak kalera!

Askatasunaren alde antolatu eta borrokatzeko konpromisoa hartu zuten hainbat gaztek duela 40 urte. Ezker Abertzalearen baitako gazte antolakuntzarako lehen espazioa sortu zuten. Batetik, gazteek problematika propioa bizi zutelako; eta gainera, problematika horren borroka Herri honen askatasunaren borrokarekin elkarlotuta ulertu zutelako.

Ia 40 urte dira gazte antolakuntza eta borrokari ekin geniola. Eta hemen gaude, bizirik eta indartsu. Gaur hemen gaude 1000 gazte baino gehiago “Bulkada berrien garaia da!” dinamikari ahotsa, bihotza eta gorputza jartzeko.

40 urteko forma hartu duen izarrak milaka esperientzia, bizipen eta borroka batzen ditu bere baitan. Lerro bakoitzak iragana, oraina eta etorkizuna lotzen ditu. Punta bakoitzak garaipen eta minak zorrozten ditu. Denak gure egiten ditugu, geure sentitzen ditugulako. Gu geu garelako.

Urte luzez Euskal Herriari konpromiso militantez duguna eta dakiguna ematen jakin izan dugu. Irrati libreetan, gaztetxe, musika etxe eta proiektu komunikatiboetan. Urteroko danbada, topaketa edota gazte martxetan. Bilera, asanblada edota barra ertzeko hizketaldietan. Kalean, herriko tabernan, barrikadetan, ordu txikietako kontuetan, pankartaren atzean, ikasgeletan, greba orokorretan…. Bazter guztiak aldarriz bete ditugu, pertsona askez osatutako herri librea amets.

Bakoitzak beretik baina denok batera, denok zerbait emanaz dena lortu dezakegulako. Ezer ez dugu galtzeko eta dena dugu irabazteko. Txikiak izanik, aberatsa den mugimendua baikara. “Bulkada berrien garaia da!” dinamika mugen gainetik ipar eta hego Euskal Herriko gazteok martxan jarritako dinamika da. Mugak ezarri nahi dizkiguten bi estatuen gainetik hemen gaude, Herri oso bateko gazteria. Denok bat eginda, etsaiaren mugen gainetik antolatzen eta borrokatzen ikasi dugulako. Gora euskal gazteria!

Euskal Herria gaurdaino heltzeko ezinbesteko bultzada izan da gazte borrokarena. Prekarietatearen aurkako borrokaren pizgailu izan gara, gazte problematika erdigunera ekarriz. Mugez gaindi antolatu, borrokatu, harremandu eta bizitzeko gai izan gara. Alternatibak eraikitzeko lanetan murgildu gara, autogestioa tresna gisa baliatuz eta bizi eredu berrien eraikuntzan sakonduz. Herri eraikuntzan murgildu den gazteria gara. Eta egun? Egun, inoiz baino gehiago bulkada berrien garaia dela diogu. Euskal Herriak behar du bultzada, behar ditu bulkadak, bulkada berriak. Gure bizkar atzean begiztatu daitekeen ondare politikoa gure egin eta gazte antolakuntzaren baitan Herri honen aldeko konpromisoa gure egin dugun gazteak gara. Ez egin dudarik, gaur, hemen batutako ehunka lagunek konpromisoa orainean dugula. Izan ere, hemen batu garen lagunek badugu batzen gaituen zerbait: Euskal Herriarekiko hartutako konpromisoa.

Leitzako plaza bete dugun modu berean jarraituko dugu maitasun eta irudimenez borrokaren haria ehuntzen.

Dinamika, herriz herri eta auzoz auzo lau haizetara zabaltzen gabiltza jadanik. Gazte borrokan ibilitako belaunaldi ezberdinen arteko zubiak eraiki eta indartuz, gazte belaunaldi berriei antolakuntza eta borrokarako espazio berriak irekitzeko asmoz ekin dugu ikasturte berria.

Bestetik, aspalditik hasiak gara gazte antolakuntzaren memoria jasoko duen liburua idazten. Liburuan 40 urteetako historia eta bizipen ezberdinak jaso ditugu. Unean une izandako eztabaidak, hausnarketak, bulkadak… askotariko gertakariekin batera.

Gainera, herri eta auzo bakoitzak bere liburu propioa ere idatziko du, gazte borrokaren memoria bete-betean eta lehenengo pertsonan gorde dezan.

Orain, begiratu zure ingurura, mila lagun elkartu gara gaur, Leitzako plaza bete dugu, baina berriro ere egingo dugu topo. Horretarako, apirilaren 19, 20, 21 eta 22an Gazte Topagune erraldoi bat antolatzeko lanetan gabiltza. Inoiz baino indar gehiagorekin gazte antolakuntza eta borrokaren parte garen guztion topagune izateko asmoz, guztion artean eta auzolanean eraikia.

Espainiar zein frantziar estatuen menpe eta sistema kapitalista eta hetropatriarkalaren hatzaparretan gazteok ez daukagu orain eta etorkizunik. Prekarietate kronikoz bizirautera kondenatzen gaituzte, bizi ordez biziraun, hori da beraien eskaintza bakarra.

Herri sumiso eta isil bat nahi dute. Baina iluntasunaren artetik, badator esperantzaren egunsentia. Mugimendu feminista, pentsionisten borrokaldiak, erabakitzeko eskubidearen aldeko herri ekimenak, espazio autogestionatuen aldeko defentsan, hezkuntza sistema arrotzei planto eginez, espaloitik jaisten ez den euskararen herria… Euskal Herria bere oraina eraikitzen, defendatzen eta borrokatzen ari da kalean. Bizirik. Euskal Errepublika Sozialista eta Feministaren zimenduak egunero ari dira eraikiak izaten; horrela soilik lortuko baitugu etorkizun askea.

Bulkada berrien garai da. Ez dezagun gure oraina galdu, hau baita gurea den garai bakarra. Etorkizuna ez da inorena; oraina, ordea borrokan irabazten duenarena da. 40 urte luzeren oraina gara hemen gauden guztiok. Moztu nahi izan zuten lorearen aurrean, ernaldutako udaberria. Anitza eta kolektiboa. Gaztea eta errebeldea. Bizirik gaude, bagoaz eta bagatoz. Euskal Herri sozialista eta feminista lortu arteko konpromisoan berresten gara gaur hemen. Bulkada berrien garaia da. Antolakuntza eta borrokaz, gazteok Ernai gaude, Aitzina goaz.