Borrokarako dei eginaz, irrintzi bat dabil

Euskal Herria dugu irabazteko!
Borrokarako dei eginaz, irrintzi bat dabil

Hainbatetan agindu diguzuelako dakizue ez dugula bizi garen artean obedituko…
…hainbatetan porrot egin dugulako dakigu zeinen eder den garaipen ametsa.

Mikel Antza (2015)

 

BORROKARAKO DEI EGINAZ, IRRINTZI BAT DABIL!

 

Gazteok ez ginen mundu honetara obeditzeko jaio. Ez ginen askatasunaren etsaiek haien neurrira eraikitako mundua onartzeko jaio. Gazteok borrokarako jaio ginen, iraultzaren motor izateko. Antolatzeko eta borrokatzeko. Amets egin eta ametsak gorpuzteko.

Gernikako bonben azpitik altxatu ginen, haurrak eta fusilak eskutan harturik. 50. hamarkadaren amaieran, frankismoaren garai ilunenetan, sufrimendura eta zapalkuntzara kondenaturik zegoen Euskal Herria berpizteko ardura beregain hartu zuten “gazte zoro” batzuek. Euskal Herriarekiko maitasuna eta lotura ardatz. Orduan pentsaezina zen guztia, utopia eta ametsa zena, errealitate bihurtzeko.

Euskal Herriko txoko guztiak euskal kulturaz zipriztindu zituzten. Herriz herri Ikastolak eraiki zituzten; haiek ez bezala, haien ondorengoek euskaraz ikasi ahal izan zezaten. Lantokietan eta kaleetan barrikadak altxatu zituzten, langileriaren alde. Zentral nuklearren aurka, presoen kaleratzeen alde, emakumeonganako zapalkuntzaren aurka. Euskal erresistentzia eremu guztietara hedatu zuten.

Istorio hauek ez dira historia liburuetan gordetzeko eginak. Gure baitan daramatzagun bizipen eta borrokak dira. Gure izatea dira. Historia horren hariak ez du etenik izan. Haiek ereindakoa loratzea gure bihotz eta eskuetan dago. Etorkizunak idatziko du iragana. Historiako egunik ederrenak oraindik idatzi gabe daude.

Gazte ziren. Gazte gara. Mundua injustua zen lehen, eta injustua da orain. Matxinatzeko arrazoiak berberak dira. Oinordekotzan jaso ditugu mundua iraultzeko funtsezko erregaiak: maitasuna, konpromisoa, erantzukizuna eta eskuzabaltasuna.

Hemen gaude, pentsaezina zen hura egiten ausartu zirelako. Hemen gaude eta ametsak errealitate egiteko aukera dugu. Behin eta berriz gazteok matxinatu eta hortzak erakutsi ditugulako. Euskal Herriaren askatasunaren alde antolatu eta borrokatu garelako.

Gazte gara. Mundu berri bat nahi eta behar dugu. Euskal Herri askea nahi eta behar dugu. Haiek egin moduan, nahikoa dela esan eta altxatuko gara. Guk egiten ez badugu, beste inork egingo ez duelako. Gure baitan baitago mundu berri baten ametsa.

Bulkada berrien beharra dauka Euskal Herriak, gazte bulkada berriena. Gazte belaunaldi berri bat herri honi lotzekoa. Haiek egin bezala, herri honekiko konpromisoa hartzekoa. Herri hau sentitzen, bizitzen eta maitatzen dugun gisan adieraztekoa. Hainbat borroka esparru konkistatu eta beste hainbat esparru berri sortzekoa.

Inoiz baino gehiago, kaleak gure egin eta eskaintzen diguten prekarietate kronikoari aurre egiteko garaia da, Euskal Sozialismoa eraikitzekoa. Kaleetatik heziguneetara, hezkuntza eredu propioa sustatzeko garaia. Bizitza erdigunean jarri eta feminismoa ardatz izango duen herria gorpuztekoa.

Sorkuntzaz, herri hau marraztu eta mugimendu kultural indartsu bat zabaltzekoa. Euskara ardatz izango duen Euskal Herri anitza eraikitzekoa. Amalurraren defentsan, gure Herria maitatzekoa.

Entzun ditzagun gure baitan dauden ilusioz eta anbizioz beteriko bulkadak. Elkarbana ditzagun ondokoekin eta sor ditzagun Herri honen oraina eta etorkizuna idatziko duten bulkada berriak.

Iraultzara deitu zuen oihuaren oihartzuna entzuten dugu. Gaur, inoiz baino ozenago. Kaleetan. Gaur, inoiz baino argiago. Gure baitan.

Borrokarako dei eginaz, irrintzi bat dabil.

Euskal Herria dugu irabazteko.
Askatasuna dugu irabazteko.

Gora Euskal Gazteria!

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herria Sozialista eta Feminista!