Bizitzak borrokan defendatu

Martxoak 3, Gasteizko sarraskiaren urteurrena

Hildako langile bakoitza, hildako enpresari bat balitz? Urrunera joan gabe, bestelako erantzun bat irudikatu dezakegu. Haien izenek albistegiak eklipsatuko lituzkete eta lehen egunetik instituzioek larrialdi mahai bat osatuko lukete. Baina haien hedabideetan, apenas arrastorik gure hildakoez. Momentuko hunkipen azkar batetik harago dena da normalitatea. Haien lanpostuetan hildako 46, 68, 54… pertsonak urtez urte ahanzturaren eta indiferentziaren zingirak irensten dituen zifra iragankorrak baino ez dira. Odolusteak ez du etenik, baina erantzukizunik ez, aldaketarik ez.

Erantzukizunak hartzea kapitalismoaren logika ankerra iraultzea exijitzen duelako. Gure lan itogarriak sortzen duen aberastasuna modu sistematikoan lapurtzeko dena zaielako beharrezko. Langabezia estrukturalak, aldi baterako kontratuak eta lanaldi partzialak, ekonomia ezkutuak eta terrorismo patronalak logika berdinari erantzuten diotelako: burgesiaren aberastasunaren metaketa legea da eta langileriaren lan eta bizi baldintzak subsidiarioak dira.

Baina erresignazioari aurre eginez mendeetan zehar amnesia borrokatzen duen memoria kolektibo bat bada, San Frantzisko plazako zoruan odolez letra larriz justizia aldarrikatu zuen bera. Injustiziaren eta inpotentziaren minak gure erraiak irensten ditu eta zapalduon memoria kolektiboa zimentzen du. Horregatik Romualdo Barroso, Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Jose Castillo, Bienvenido Pereda zein Vicente Anton Ferrero eta Juan Gabriel Rodrigo iraganeko sarraski polizial baten biktimak baino asko gehiago dira. Euskal Herri Langilearen historia bizia dira, iraganera iltzatu baino etorkizunera bultzatzen gaituen bulkada. Haiengan langileriaren eta zapalduon indar kolektiboa, antolakuntzarena eta borrokaren bultzada ikusten dugulako, iragana eta etorkizuna batzen dituen momentu iragankorra ekinaren ekinez birmoldatzen joan den indarra.

Oraina memorian idatziz eta memoria borrokan irabaziz, Gasteizko herriak eta Euskal Herri Langileak errelato faltsuari, espainiar estatuaren enbatei eta kapitalaren oldarraldi etengabeari eutsi die urtez urte. Kaleetan, lantokietan, asanbladetan eta klandestinitatean erakutsitako irmotasun berdinarekin Martxoak 3ko sarraskia oroitzen zuen monolitoa erasotua izan den aldi oro berreraiki dugu. Eta sokatira horretatik langile antolakuntza, emakumeen borroka eta batasunaren indarra ezagutu ditugu, egun Euskal Gazteriak dituen erronkak hobeto aztertzeko lanabesak eskuratuz. Baina oraindik ere ez da justiziarik egin. Rodolfo Martin Villak eta Manuel Fraga Iribarnek beste frankista askok bezala errekonozimenduz besterik ez dituzte bete Espainiar estatutik. Eta gure buruei zin egiten diegu epaimahaien gainetik justizia San Frantzisko elizatik irudikatuko mundu berri horren eraikuntzaren eskutik etorriko dela.

1976ko Martxoaren 3a Espainiar oligarkiak aspaldi aurreikusia zuen trantsizioan sortzear zen erregimen berriaren marra gorriak bortxaz inposatzeko beste ahalegin bat izan zen. Ustezko espainiar nazioaren izaera banaezinaren gainean garatu zen espainiar kapitalismoa inongo garbiketarik egin gabe instituzio frankistetan. Oinordean garaiko indar korrelazioaren arabera joera zentralista duen estatu autonomiko bat ezarri zen, zeinak inposizioa den beste hizkuntzarik ezagutzen ez duen.

Bortxa eta asimilazioa ez dira nahikoak izan Euskal Herria mapatik ezabatzeko eta kapitalak eragiten dituen kontraesan gaindiezinek beste mundu bat eraikitzeko beharra elikatzen jarraitzen dute. Eta internazionalistak garelako, iraultza gure herritik abiatzen dela ikasi dugu.Nazio askapen borrokak, gaur atzo bezala, espainiar nazio eta klase proiektu dominantea ezbaian jartzeko indar determinantea dira. Kapitalak geroz eta bizitzaren alor gehiago merkantilizatzen ari da bizitza bera kolokan jartzeraino eta Espainiar estatuak ez du autoritarismoa ez den aterabiderik gure herrirako.

Oinarria ez da trinkoa eta denak ez du berdin iraungo. Espainiar estatuak herrien kartzela gisa eta kapitalak bizitzarekin berezkoak dituzten kontraesanak ez dira klase dominantearen mesedetan garatu herri erresistentziarik gabe. Hamaika herri borrokek josten dute Euskal Herria. Batasunaren indarra ezagutzeko erronka dugu parez pare. Kemen iraultzaileari horri helduz Euskal Herria ardatz izango duen proiektu politiko independentista, sozialista eta feminista garatuko dugu.

Bizitzak borrokan defendatu!
Independentzia, Sozialismoa eta Feminismoa!