Bizitzak biziarazi eta urrats bat eman dugu prekarietatearen aurkako gazte fronterantz

Ekimen eta aldarrikapenez astindu dugu Gasteiz

Gasteizen eman diogu amaiera “Bizitzak biziarazi” ekimenari. Hiru egunetan zehar, herriz herri eta auzoz auzo ibili gara gazte prekarietatea salatu eta bide berriak eraikitzen. Prekarietateak hamaika aurpegi dituela argi ikusi dugu eta hamaika modu ezberdinetan erantzungo dugu guk ere.

Gaur goizean harrera asanbladaren ondoren, ekimen ezberdinak egin ditugu hirian zehar. Besteak beste, hezkuntza sistema propioa aldarrikatu dugu, garraio publiko duinaren alde egin dugu tranbian, etxebizitza eskubidea merkatzia eta espekulazio bihurtzen duten higiezin agentziak markatu ditugu eta elikadura burujabetzaren aldarria eraman multinazional handienetara.
Bestalde, ildokako asanbladak egin ditugu gure problematika eta proiektuak elkarbanatzeko. Hainbat eragile gonbidatu ditugu eta elkar ezagutzeaz gain saretu ere egin gara, dinamika berriak abian jartzeko.

Arratsaldean, berriz, hiru martxa nagusi egin ditugu. Enplegu prekarioari lotutakoa, neska* gazteona eta joko aretoen aurkakoa. Lehenengoa, esplotatzaileak markatu ditugu, enplegu prekarioaren erantzuleak beraiek ere badirela adieraziz. Bigarrenean, neska* gazteon gorputzak ez direla merkantzia aldarrikatu dugu inditex denden aurrean. Eta azkenekoan, gure bizitzekin ez jokatzeko joko areto baten egunerokotasuna oztopatu dugu bidea itxiz.

Urrats bat gazte fronterantz ekitaldiarekin eman diogu amaiera egunari. Ernaik bizitzaren sustengua erdigunean jarriko duen eredu politiko, sozial eta ekonomikoa defendatu eta bultzatzen du. Badakigu indarren saretze eta aliantzek indartuko gaituztela bide honetan aurrera egiteko. Gaurkoa ez baita ikasturte baten amaiera soila, edota dinamika baten goia. Gaurkoa beste urrats bat da, prekarietatearen aurkako borrokan beste urrats bat, bizitzak erdigunean jarriko dituen herri baten eraikuntzan beste pausu bat.

Gazteok bizitzak gure neurrira nahi ditugu eta bizitzak gure neurrira eraikiko ditugu. Euskal Gazteria lehen lerrora ekarriko duen bultzada martxan da!

Euskal Herrian bizi, gazteon oraina borrokan da!