Bizitza lerratzea da. Gazteok EHBildu!

Hauteskunde zikloaren aurrean, Ernai gazte antolakundearen irakurketa

Hauteskunde ziklo baten atarian gaude eta hauen irismena zein eragina aztertzea ez da uskeria. Jakin badakigu egun Euskal Herria egituratzen – eta desegituratzen- duten instituzio multzoa garapen historikoaren eta indarrean dauden harreman sozialen ondorio dela.

Datozen hauteskundeak ezin ditugu modu isolatu batean ulertu; momentu historiko baten eta instituzio ezberdinetan egin beharreko lanaren testuinguruan kokatu behar ditugu. Egungo errealitateari, askapen borrokaren momentuari erreparatzen diogu, eta hautu bakoitzak zein eszenatokietara gerturatzen gaituen baloratzen dugu. Ernairentzat botere instituzionala ere funtsezkoa da botere politikoa eskuratzeko bitarteko bezala. Hori bururaino eramanda independentzia, sozialismoa eta feminismoaren aldeko proiektu politikoan aurrera urratsak emateko gaitasuna sortzen duelako. 

Abagune honetan, Euskal Herriaren askatasuna lortzeko beharrezkoak diren bi funtsezko eginkizun irudikatzen ditugu. Batetik, espainiar eta frantziar estatuekin haustura prozesu bat egin ahal izateko Euskal Herrian gehiengo sozial, politiko eta instituzionalak eskuratzea. Bestetik, egunez egun Euskal Herriaren eraikuntzan ekitea, Herri Boterea gorpuztea eta eraldaketa sozialean jarraitzea. Norabide horretan jardun instituzionalak zer esana izango duela deritzogu.

Bide horretan ekarpena egiten duen eskaintza politiko instituzional bakarra Euskal Herria Bildu dela deritzogu. Eta horregatik datozen hauteskundeetan ere argi dugu zein izango den gure hautua.

 

Parean duguna

Krisi kapitalista baten eta mundu mailako ordenaren egokitzapen baten aurrean aurkitzen gara. Testuinguru honetan, krisi garaietan historikoki egin bezala, klase dominatzailearen apustua ultraeskuina hauspotu eta baliatzea izan da. Faxismoa eta ultraeskuina klase dominazioaren goreneko adierazpenak dira, kapitalaren eta nazio zapaltzaileen tirania absolutua.

Sakoneko krisi bat pairatzen dabil espainiar estatua, eta mundu mailan nagusitzen ari diren krisiez gain, espainiar dominazio proiektuaren zutoin nagusiena ezbaian jarri da: Espainiar nazioaren batasun zatikaezina. Horrek erreforma frankistan ezarritako dominazio eredu sozial eta territorialak berregituraketa saiakera konplikatu bati aurre egitea dakar. Nazio askapen mugimenduak bere areriorik nagusienak bilakatu dira.

78ko erregimenaren erreforma ahalegina gainera datorkigu, azken honen emaitza egun eraikitzen ari diren indar korrelazioetatik ondorioztatuko da. Historikoki egin duen bezala, españolismoak bi aurpegi erakutsi ditu: hitz egiteko eta ezer ez aldatzeko prest dagoena eta, autoritarismoan oinarritutakoa. Bi kasutan, bai abiapuntua eta bai amaiera argiak dira: espainiar batasuna zatikaezina da, 155 eta 135. artikuluak horren berme dira. Alderdi politikoez gain Espainiar estatuak barnean sustraituta dituen botere faktiko eta estatuaren estoldak.

Berregituraketa prozesu honetan euskal burgesia erregionalistek beren lekua aurkitu nahi dute. UPN-k bete betean txertatu nahi du Nafarroa Garaia eskaintza españolista erreakzionario zentralizatzailean. PNVk, aldiz, espainiar oligarkian txertatutako burgesia handia eta autonomismoaren bidez indartu dezakeen burgesia ertaina asebete nahi ditu. Baina dagoeneko ez dago kafea guztientzako.

 

Hauteskunde ziklo honen esanahia

Hauteskunde ziklo honek paper garrantzitsua betetzen du independentzia, sozialismoa eta feminismoaren proiektu politikoa gauzatze bidean.

Egoera honen aurrean ezin gara besoak gurutzatuta geratu. Indiferentzia eta apatia ez dira aukerak. Bizitza lerratzea da, eta Euskal Gazteriari dagokio lehen lerrora jauzi egitea. Kaleetan, auzoetan, heziguneetan eta lantokietan. Eta baita instituzioetan ere. Pentsio eta lan duinen alde, gure gorputzen eta bizitzen erabakimenaren alde, etxebizitza eskubidearen alde, euskararen alde, errefuxiatuen alde.

Amarru autonomistak eta Espainiar mailako balizko erreforma faltsuak ere ez dira aukera. Euskal Gazteriarentzat Euskal Herriaren aldeko hautua da aukera bakarra.

Euskal Herriaren egitura administratiboa eta bertan egin beharreko papera aztertzeko abiapuntua nazio zapaldu bat garela aintzat hartzea funtsezkoa da. Euskal Herria bi estatuen menpe eta hiru barruti administratiboetan zatikatuta dago. Hau da, Euskal Herriko instituzio oro, autonomikoak, aldundiak zein udalak estatu arrotzen subiranotasunera azpiratuta daude. Ondorioz, herri honek bere eredu sozioekonomikoa erabakitzea eta gauzatzea debekatua du, mugak eta ereduak espainiar eta frantziar estatuek inposatzen dituztelako.

Hortaz, Euskal Herrian edota atzerrian kokatzen diren instituzioetan Euskal Herriaren aitortza egitea eta autodeterminazioa gauzagarria egiteko baldintzak sustatzea beharrezkoa izango da. Beti ere instituzio bakoitzaren mugak ulertuz.

Bistan da, edozein kasutan gobernantza burgesak parte hartze politiko anekdotikoa bultzatzen duela. Botere politikoa indar faktikoek duten heinean, sistemak bazterrera eta miseriara kondetatutakoen parte hartzea ezintzen du. Herri langileak ez du ahotsik eta joko politiko burgesa arrotza zaio. Erabat ukatzen dugu eredu hau eta baztertutako ororen (langileria, gazte eta zaharrak, emakumeak, bazterreko gorputz eta identitateak, migranteak) parte hartze eredu aktibo eta protagoniko bat aldarrikatzen dugu. Horretarako, behetik gorako instituzionalizazioarekin bat egiten dugu, udalgintzari pisu estrategiko bat emanez.

 

Euskal Herria atzerrian

Espainiar estatuak eta Europar batasunak izaera erreformaezina dute. Kasu hipotetikoren batean egitura hauek eraldatzeko gehiengo instituzionalak lortuko balira ere, egitura hauek sustengatzen dituzte botere faktikoek botere politikoz hustuko lituzkete.

Europar Batasuna kapitalaren eta estatuen neurrira eraikitako aliantza da. Premiazkoa ikusten dugu Europako mugimendu ezkertiar eta soberanistek Herri Langileon interesen alde egingo duen Europako batasun bat bultzatzea.

Estaturik gabeko nazio zapaldu gisa Europar Batasuneko hauteskundeetara errepresentazioa lortzeak onura taktiko batzuk ekarriko lizkigukela deritzogu. Europako parlamentuaren inguruan Europako mugimendu ezkertiar eta soberanistak biltzen dira. Horiek etorkizuneko balizko estatu errekonozimendua lantzeko lan diplomatikoa egitea ahalbidetzen digu, gatazkaren ondorioen konponbidearen agenda partekatzea erraztu eta ezkerreko esperientzia ezberdinak elkartrukatzeko balio digu.

Aitzitik, Europar Batasunarengain “buenismoa” proiektatzea ekidin behar dugula deritzogu.  Maastricheko Europar Batasunak ez digu ahalbidetuko ez estatu independiente bat, ez eta estatu sozialista bat eraikitzea; izatez herrien burujabetzaren kontrakoa delako. Are gehiago, ziurrenik ofentsiba kapitalistak eta eskuin muturraren igoerak bere izaera erreakzionarioan sakontzea baino ez du ekarriko.

Espainiar estatuak ez du sekula autodeterminazio eskubidea gauzagarri egingo, eta errealitate hori barneratu behar du Euskal Herriak. Hortaz, ezin zaigu eskatu iritsiko ez den espainiar estatuko balizko erreforma batera itxarotea.

Zertara goaz orduan Madrilera? 78ko erregimenaren berregituraketa ematen ari den honetan minimoen programa bat defendatzera: Preso politiko guztientzako askatasuna, autodeterminazio eskubidearen aldarrikapena eta herri langilearen bizi baldintzen eta eskubide sozialen defentsa. Postfrankismoaren bigarren erreforma baten aurrean berriro ere haustura demokratikoa defendatzera. Espainiar estatuaren borondate demokratiko eza agerian uztera, Euskal Herriaren ahotsa autonomismoari lapurtzera.

Horregatik diogu erregimena botako dugula, eta berriro ez itzultzeko goazela Madrilera. Berriro Madrilera itzuli behar ez izateko borrokatuko dugula bertan eta horretarako independentzia lortuko dugula. 

 

Euskal Herrian

Nafarroa Garaiko foru eta Hego Euskal Herriko udal hauteskundeek berebiziko garrantzia dute. Nafarroako foru hauteskundeetan modu hauskor batean mantendutako aldaketaren gobernuaren etorkizuna jokoan dago. Ezkerreko independentismoaren indartzea funtsezkoa da, indar korrelazioa hobetzea eraldaketan sakontzeko, kalean eta borroka fronte guztietan ekinaren ekinez jarraitzea izango den bezala. Orain dela lau urteko ibilbidea azkartu baino, estankatzea edota atzera egiteko aukera dago, EH Bildu kanporatuz eta aldaketaren aldaketa emanaz. Kasurik okerrenean erregimenaren zutoi politiko nagusia den UPN botere politikoa eskuratzeko arriskua dago.

Udalek eraldaketa sozialean eta Euskal Herriaren eraikuntzan funtsezko paper bat beteko dute. Udalgintza nazio eraikuntzaren oinarria izango da eta hori azkartzeko bide bakarra herri antolakuntza eta mobilizazioa dira. Ondorioz, gazteon aukera bakarra eta onena EH Bildu da. Erregimena botako dugu, gure herri eta auzoetako proiektuak martxan jarriko ditugu, herria bizirik mantenduko dugu. Horretarako Euskal Herria Bildu da gazteon aukera bakarra.