Bizitza bizigarriak Euskal Herria feministan

Martxoaren 8an neska* gazteok independentzia

Neska gazteok* nazkatuta gaude gure bizitzen kontra doan sistema batean bizirauteaz. Izan ere, kapitalismo zisheteropatriarkalak kapitala eta honen metaketa zentroan kokatzen ditu eta gizartea honen arabera antolatzen du, bizitzen beharren arabera antolatu beharrean.

Hau da, behin eta berriz diogu kapitalismo zisheteropatriarkalak bizitzen aurka doan sistema bat dela. Gure bizitzen erabateko prekarizazioa ez dela koiunturala, alegia, egiturazkoa dela. Etekin jakin batzuk lortzeko, gure bizitzak prekarizatzen eta baliogabetzen dituzte. Eta pandemiak aurrez bizi genuen errealitatea azkartu eta gordindu du.

Neska* gazteon gaineko biolentziak eta zapalkuntza formak areagotu egin dira: erasoak eta erailketa matxisten gorakada; lan baldintzen kaskartzea; bizitzaren garestitzea; sistema publikoaren pribatizazioa eta abar luze bat. Hau gutxi ez balitz, elkar zaintzeko eta elkar bizirauteko mekanismorik ez dugu; neoliberalismoaren gorakadarekin indibidualismoa gailentzen ari da eta komunitatea desagertzen. Horen guztiaren ondorioz, gainezka egiten ari gara, itota gaude. Ikusi besterik ez da egin behar neska* gazteok pairatzenditugun osasun metalarekin loturiko arazoen inguruko datuak.

Bizitzak erdigunean kokatuko dituen herri bat behar dugu, gizarte oso baten eraldaketa ekarriko duena. Eta honetarako tresnak behar ditugu. Instituzioak gizarte eraldaketa baten bidean jartzea eta bizitzak erdigunean jarriko dituzten politikak beharrezkoak dira. Neska* gazteok independentzia behar dugu. Euskal Herri feminista bat eraikitzeko Euskal Herri independiente bat behar baitugu.

Hala ere, ez gara geldirik geratuko independentzia lortu arte. Bidean ere, burujabetza feministak eraikitzen eta borrokatzen jarraituko dugu. Neska* gazteok burujabe izateko, gure bizitzen gaineko kontrola berreskuratu behar dugu eta neska* gazteon boteretze kolektiboa ezinbestekoa da zentzu horretan. Hitza eta erabakitzeko eskubidea kendu diguten honetan, autodefentsa feministazarmatuko gara eta eguneroko lan eta borrokatik hitza eta erabakia bereganatuko ditugu.

Boterea lortzeaz gain, aipatzekoa da gaur egun bizi dugun muturreko egoera. Egun urgentzia batzuk ditugu eta gaurdanik hasi behar dugu horiei erantzuten, zaintza lanak aitortu eta duindu daitezen. Eremu pribatu zein publikoan emakumeon bizkar gainean geratzeaz gain, berau garatzeko gure baldintzak negargarriak dira. Hartzen diren neurri horiek zaintza sistema publiko eta komunitario baten eraikuntzari begira egitea ezinbestekoa da. Aipatu beharra dago eremu hauetan emakume migratuak direla gehiengoa, baita neska* gazteok eremu honetan betetzen dugun rola ere: gehienetan kontraturik gabe, partikularrak emanez edo umeen zaintzaren ardura hartuz…

Nazkatutak gaude bizitzen aurka doan sistema honekin. Su emango diogu gure neurriko Euskal Herria feminista eraikitzeko. Dei egiten dugu martxoak 8 honetan ere, nola ez, Mugimendu Feministak mobilizatzeko egindako eskaintza zabalean parte hartzera. Eta neska* gazteoi, hortaz gain, saretzera, antolatzera eta borrokatzera.

Gora borroka feminista!

Gora Euskal Herria feminista!