Bizirik dirau, borrokak egiten gaitu aske

Ehunka dira geure Herriaren askatasunaren alde bizitza galdu duten borrokalariak eta gaur gogora ekartzeko eguna dugu. 46 urte igaro dira Espainiar Frankismoak Juan Paredes Manot “Txiki” eta Angel Otaegi Etxeberria “Otaegi” ETAko militanteak fusilatu zituenetik. Aurten Morlanseko sarraskiaren 30. urteurrena dugu, herri honen askatasun grina tiro hotsez isilarazten saiatu ziren, baina borrokarako grina bizirik dirau.
Errelato bakarra inposatu nahi dute, herri honetan bizirik dirauen gatazka politikoa ukatu eta haien neurrirako historia idatzi. Saiakera horretan daude erregimenaren zutabe guztiak, alderdi zein komunikabide. Adibide dira, gure senide eta lagunen etxera bueltako poztasuna adierazteagatik jasandako jazarpena edota azken asteetako faxisten bisita gure herrira. Elkarbizitza eta gisa eskubideen defentsa ere ukatu nahi digute.
Saiakera horretan aurrean aurkituko gaituzte. Gazteok, errelato bakarraren aurrean, Herri Memoria eraikitzeko konpromisoa hartu dugulako. Eusko gudariek piztutako suak bizirik dirau, eta guri dagokigu su hori elikatzen jarraitzea. Iluntasunean kokatu nahi duten estatu biolentzia argitara ateraz, zein herri honen duintasun ukaezina agerian utziz.
Milaka militanteren lanak ireki ziguten bidea. Eta gu haien lekukoa hartu dugu. Bidea argitzea dagokigu zentzu guztietan, gazteon duintasuna borrokatuz, etorkizun iluna argitzea. Askatasuna eskuartean izan eta hainbeste maitatu izan duten haiek guztiak bezala Herri honen askatasunaren alde antolatu eta borrokatzen jarraitzearena alegia.
Erronka potoloa daukagu aurretik, testuingurua ez dugu alde eta gure anbizioak ez dira txikiak. Baina ilusioa, konpromisoa eta antolakuntza ditugu erregai. “Ez duzu etsi eta ez duzu etsi nahi” idatzi zuen Txikiak. Baita “lepoan hartu eta segi aurrera” ere Telesforok. Eta horixe da gure ondarea.
Esan dugu eta berriz diogu, eusko gudariek lehertutako lehenengo txinparta hori bizirik dirau eta bizirik jarraituko du, ardura gure gain hartu dugulako eta euskal gazteriak baduelako gaitasuna eta indarra. Indarra borrokatzeko. Indarra Euskal Herria euskaldun, feminista eta sozialista eraikitzen jarraitzeko. Borrokak egiten gaituelako aske.
Gora euskal gazteria!
Gora eusko gudariak!
Gora Euskal Herria aske, sozialista eta feminista!