BIZI BERRI BATERA, GAZTEOK SALTO!

Osasun-krisiak beste krisi batzuk azalerazi ditu, oraindik bistakoak ez zirenak baina gurean denbora bat zeramatenak; aurreikusitakoak ziren, eta behin baino gehiagotan salatu izan ditugu. Zaintza krisia, krisialdi ekologikoa, krisi soziala zein ekonomikoa, lurralde krisia… geroz eta modu argiagoan gorpuztu dira.
Zerbitzu publikoak ahuldu eta pribatizatu dira, zaintza lanak are gehiago prekarizatu dira, planetaren esplotazioan sakondu, kontrol soziala areagotu, erabakiak eta kudeaketak zentralizatu, prekarietatea eta langabezia tasak handitu etabar. Kapitalismoheteropatriarkala da birusa; sistema hau bera da pandemia.
Egoera kaxkarrean geunden covid19a iritsi aurretik ere, ez gaitu egoera onean harrapatu: zerbitzu publikoak indarrik gabe eta krisiari aurre egiteko egoera prekarioan. Eta hain zuzen, murrizketa horiek guztiak egin dituztenak izan dira balkoietan txalo egitera atera diren lehenak. Ezin ahaztu krisialdi honetan ere aberatsenek aberasten jarraitu dutela, egoera geroz eta larriagoa bihurtzen ari zenean ere etekinak loditzen jarraitu dute batzuek. Lan eta zentzu komunitarioa erdigunean jarri dugu herritarrok: zaintza sareak sortu ditugu herriz herri eta auzoz auzo, krisialdiari herri gisa erantzun diogu. Eta bi hilabete konfinaturik egon ostean, kalera itzuli gara. Indarrez itzuli gara, gainera.
BIZITZAK. KRISIA KAPITALAK ORDAINDU DEZALA
Osasun krisiari krisi sozioekonomiko batek hartuko dio segida. Garai zailak datoz eta prestatuta egon behar dugu. Gazteak sektore kolpatuena izango gara berriro ere: gazte langilea gehienak ERTEetan, kontratu prekarioenekin lanean – kontraturik izatekotan-, ziurgabetasun geroz eta handiagoz… 2008ko krisia ezagutu genuen eta orain beste krisi batek zeharkatuko ditu gure bizitzak. Beste behin ere, espektatibak lapurtu dizkigute, krisiaren belaunaldia gara. Guk ez dugu ordainduko, ez dugu onartzen gure bizkargainean jarri nahi dutena, krisia kapitalak ordaindu dezala! Egindako gestioa ez da neutrala izan, eta krisiaren aurrean aplikatuko diren neurriak ere ez.
Normaltasun berria aurkeztu digute, betiko kapitalismo-heteropatriarkala maskaraz aldatuta den bitartean: proiektu autogestionatuak desalojatu dizkigute (Talka, Fires, Itzulbatzeta…), indarkeria matxistak bere horretan jarraitu du, prekarietatea gero eta handiagoa da… dena aldatu da, baina ez da ezer aldatu. Guk ez dugu normaltasun berrira joan nahi, baina aurreko normaltasunera ere ez gara itzuliko; guk mundu berri bat nahi dugu. Kapitalaren aurrean, bizitzak jartzen ditugu erdigunean. Bizitzak erdigunera diogunean, diogu: eredu sozioekonomiko berria sortzea, ekologismotik, feminismotik, sozialismotik… eraikia. Zerbitzu publiko sendoen defentsan, zaintza lanen aitortza, duintzea eta erregulazio berria. Baita lurraren zaintza ere, krisialdi ekologikoa gelditu behar dugu.
ASKATASUN POLITIKOAK. BERRIZ KALERA!
Datorren egoerari erantzuteko beharrezkoa izango da kaleak berrartzea. Mugimendu sozialetatik aldarri eta borrokak kaleratu behar ditugu. Ezin gara ez isilik eta ezta geldirik gelditu ere datorrenaren aurrean. Konfinamenduan ikusi dugu zein den normaltasun berriaren segurtasun eta ordenaren esanahia: kontrol, abusu eta gehigikeri polizialak. Kaleak espazio publiko eta herritar gisa ulertzen ditugu guk: jende, dinamika, aldarri eta borrokaz betetako kaleak, kale biziak. Ez dugu onartzen segurtasunaren izenean gurea zaiguna lapurtzea Ez dugu onartzen askatasun zibil eta politikoen murrizketarik, gazteak kalera aterako gara, geure egingo ditugu.
BURUJABETZA(K)
Covid19ak sortutako osasun-krisi honetan argi ikusi dugu zein den frantziar zein espainiar gobernuen benetako aurpegia: beti ezagutu izan dugun inposizioa, nazio ukazioa eta birzentralizaziorako joera. Gaur gaurkoz Behobiako muga itxita dugu, senide eta lagunarteko harremanak baldintzatuak, herrien arteeko jarduera sozioekonomikoak oztopatuak.
Datorren krisiari erantzuna estatuetatik ere etorriko da, baina guk erabaki behar dugu; hemen eta orain. Hemen kudeatu, geurea eraiki: bizitzak lehenestea, erdiguneratzea, Euskal Herriaren baitan egin behar dugulako. Burujabetzaren aldeko indarrak metatzen jarraitu behar dugu.
Joera zentralizatzaile eta autoritarioen aurrean, herri ikuspegiz jarduteko aukera paregabea dugu ezkerretik, feminismotik, ekologismotik, euskaraz… Eta hau hemen egin dezakegu, eta hemen egin behar dugu; horregatik izango da ezinbestekoa independentzia.
SALTO! GAZTEOK LEHEN LERRORA
Datorren krisiari Euskal Herriak mobilizazio olatu eta aliantza anitzekin erantzungo diola jakin badakigu gazteok, bagentozen aurretik eta orain ere bertan izango gara. Gazteak lehen lerroan egongo gara, antolatuz eta saretuz herri gisa erantzuteko.
Geldirik geratzen bagara egun gauden lekuan geratuko gara, inposatutako normaltasun berri zein zaharrean. Horregatik, gazteok salto egitea erabaki dugu, iniziatiba hartu eta lehen lerroak kokatzea. Salto egingo dugu krisia kapitalak ordain dezan, salto egingo dugu bizitzen alde, espainiar autoritarismoari eta zentralizazioaren gainetik salto egingo dugu, gazteok salto egingo dugu. Euskal Herrian lan eta bizitzeko salto egingo dugu, burujabetzara, independentziarantz egingo dugu salto. Azken batea, BIZI BERRI BATERA GAZTEOK SALTO!