Bilgune Orokorra, ikasturte berrirako erregaia eta ehunka bulkadaren topaleku

Erronka potoloak ditugu aurretik, baina ilusioa eta borrokarako grina soberan ditugu

Ernaik bere VII. Bilgune Orokorra ospatu du joan den asteburuan. Gazte antolakundeko militanteok elkartu, formazioa jaso, ikasturteari begirako gakoak elkarbanatu eta Gazte Estrategian sakontzeko aukera izan dugu.

Ostiralean eman genion hasiera ehunka militantek hiru egunez luzatu den jardunaldiari. Larrialdi klimatikoa, etxebizitzaren problematika, LGTBIQ+ borroka, ekonomia sozial eraldatzailea edota hezkuntza hizpide, formazio teoriko eta praktikoa jasotzeko aukera izan dugu. Jada abian dauden zein datozen olatu sozialak hauspotu asmoz, Euskal Herritik eta gazte eremutik egin beharreko ekarpenaz mintzatu gara.

Koiunturak markatuta abiatu da 2019-2020 ikasturtea. Herrialde Katalanetan eman daitezkeen gertakariek gidatuko dituzte datozen aste eta hilabeteak. Hautetsontzi eta bozei prezioa jarriko die espainiar injustiziak, eta honen aurrean artikulatu daitekeen erantzunak estaturik gabeko nazioen gihar independentista erakutsiko du. Azaroaren 10eko hauteskundeetan ere mezu argi bat iritsiko da Madrilera: bozka abertzalearen gorakada. Ernaiko kideok borroka hauetan izango gara, elkartasuna esku batean eta Euskal Herriko prozesua elikatzeko planteamenduak bestean. Sozialismoa eta feminismoa gauzagarri egingo dituen aldarri independentistari gazte ekarpena egiteko eskaintza luzatzera goaz ikasturte honetan.

Gazte Mugimenduari dagokionez, hitzordu eta planteamendu ezberdinak topatzen ditugu datozen aste zein hilabeteetan. EHko Neska* Gazteen topaketak urriaren 4 eta 5ean eta Euskal Herriko Mugimendu Feministaren Jardunaldiak azaroan. Mugimendu prekarioaren mobilizaziorako deialdiak edota Eraginen jardunaldiak urriaren 19an. Euskalgintzatik abenduaren 3aren testuinguruan egingo diren planteamenduak zein euskal kulturgintzari ekarpena egingo dioten ehunka gazte sortzaileren bulkadak. Hezkuntza eremurako planteamendu ezberdinak eta ikasle dinamikak. Bizi eredu askatzaileak oinarri izango dituen mugimendua gaztea da eta gelditzeko dator.

Luzera begiratzeko parada ere izan dugu, gure egitekoak etorkizuna asmatzeko erronka baitu oinarrian. Herri mailan zein sektorialki, prekarietatearen aurkako borroka antolatzen jarraitzeko apustuan berretsi gara. Gazte mugimendu, sindikatu eta mugimendu sozialetako sektore ezberdinekin aliantzak eraiki eta harremanetan sakontzea izango da ikasturte honetako helburu nagusietako bat. Gazte problematika erdigunean jarrita, egungo eredu sozioekonomikoa irauliko duen gazte olaturako tantak izaten jarraitu nahi dugu. Euskal Herrian Bizi dinamikaren baitan baldintzak sortu eta bizitzak gure neurrira eraikitzeko proposamen ezberdinen inguruko borrokan sakonduko dugu.

Gatazkaren ondorioen konponbideari dagokionez, herri honetako gazteok paper garrantzitsua jokatzen dugu. Batetik, 11/13 makroepaiketaren harira adierazi bezala, preso, iheslari eta deportatuen auziari irtenbidea emateko herri bultzadan kokatzen dugu gure burua eta norabide horretan arraun egitera goaz. Bestetik, iraganean katramilatu nahi gaituen estrategia politiko eta mediatikoari aurrera begirako determinazioz erantzungo diogu.

Antolaketa eta militantziari dagokionez, borrokara batu diren bulkada berriak aipatu nahiko genituzke. Ehundik gora izan dira ikasturte honen atarian Ernai gazte antolakuntza eta borrokarako espazio erreferentzial bezala identifikatu eta gurekin militatzen hasi diren gazteak. Beso zabalik jaso ditugu eta toki bat eman. Halaber, antolakundean militatzeko zikloa agortu duten kideei eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu. Zuek gabe ez litzateke posible izango. Ezker Abertzalean, Herri Mugimenduan eta Euskal Herria independentzia, sozialismoa eta feminismora eramango duen borroka zoragarri honetan egingo dugu bat!

Erronka potoloak ditugu aurretik, baina ilusioa eta borrokarako grina soberan ditugu. Ernairen ateak zabalik daude gurekin batera antolatu eta Euskal Herri askea eraiki nahi duen edozein gazterentzat. Bilgune Orokorrean metatutako indarra herri eta auzoetan lehertzeko momentua iritsi da, 2019-2020 ikasturtea emankorra izango da ziur. Animo eta lanera!

Gora euskal gazteria!