Bilboko Erronda kaleko Ezker Abertzalearen egoitzaren harira argipen batzuk

Denbora da Ikasle Abertzaleak antolakundeak Ezker Abertzalearekin zituen harremanak hautsi zirela. Ikasle Abertzaleakek mugimendu politikoaren marko estrategikoa konpartitzeari uko egin, organikoki gure antolakundeekin zuen harremana okertu, eta gardentasun falta izugarriarekin Ezker Abertzalearen konfiantza urratu zuen.
Hori dela eta, Ernaik eta beraz, Ezker Abertzaleak pasaden ikasturtean aliantza estrategikoa etenda zegoela publiko egin genuen, barne zein kanpo mailan beharrezko kudeaketak aitzinaratzeko konpromisoa hartuta. Hori horrela, IA antolakundeari sustengu logistiko, politiko, ekonomiko eta soziala emateri uztea erabaki zuen militantziaren gehiengo oso batek.
Ezker Abertzaleak bere ondare materiala estrategia politikoa elkarbanatu eta prozesu independentistan bidelagun dituen eragile eta antolakundeen zerbitzura jartzen du. Kasu honetan, Ikasle Abertzaleak antolakundeak ez du aipatutako funtzio hori betetzen eta beraz, ez zaigu zilegia iruditzen estrategia politikoa zein honetan egin beharreko ekarpena elkarbanatu ez eta jabetza materialez baliatzea.
Bilboko Erronda kaleko egoitzaren harira argipen batzuk egiteko beharra ikusi dugu. Erantzun dinamika batean sartu baino, argipen hauek sinple bezain logikoa iruditzen zaigun kudeaketaren azalpena erraztuko dutelakoan gaude. Halaber, orain arte gure komunitate politikoarekin elkarbanatu eta adostutako pausuen jarraipen bat dugu honako hau.
- Erronda kaleko egoitza Ezker Abertzalearena da eta ez dio sekula izateari utzi.
- Ezker Abertzaleari dagokio, unean uneko estrategiaren arabera, egoitza horren erabilera eta kudeaketa hobesten duen mugimenduen eskuetan uztea. Aipatutako hautsura estrategikoaren ondorioz, Erronda kaleko egoitzaren erabilera eta kudeaketa IA antolakundearen esku ez uztearen erabakian berresten gara.
- Arazoaren hastapenetatik eragile politiko ezberdinen artean oinarrizkoa den errespetuarekin jo genuen Ikasle Abertzakek antolakundearengana. Hainbat saiakera egin genituen mahai baten bueltan erabaki honen kudeaketa adosteko. Tartean, egoitzan gordeta zeukaten materiala itzultzeko prestutasuna adierazi genien. Zoritxarrez, IAk eztabaida eta liskarra modu publiko eta espektakulu eran jorratzeko hautua egin du beste behin ere.
- Ezker Abertzaleak argi du zein den bere iparra eta bidean adostutako erabakietan berresten da. Erronda kaleko egoitzaren kudeaketa militantziaren gehiengo oso batek hartutako erabaki politikoaren ondorio logikoa da, eta horregatik gauzatzen da.
- Gaur arte bezala aurrerantzean ere, Euskal Herriaren askapenaren aldeko lan eta elkarlanerako espazio izateko baliatuko ditugu gure ondare materialak.
Bilbon, 2019ko uztailaren 5ean
Ernai gazte antolakundea