BIDEHBAT, HARTU, BIZI ETA BORROKATU

Orratzen tik-tak-ak pantailako klik-ak bihurtu diren garaia omen da gurea. Eguna orduetan beharrean segunduetan neurtzen duen erritmo frenetikoan dabil mundua eta baita gu ere, batetik bestera, handik hona, baina beti azkar. Beti azkar, geratzera behartzen zaituzten arte.
Uste dute geratu gaituztela, gure bizitzei “pause” botoia sakatu dietela beraien munduak aurrera darraien bitartean. Baina oker daude, egoerak behartuta etxean bagaude ere, ez gaude geldirik. Guk aspaldi hartu genuelako bidea, egin genuelako bat bidean. Bai, borrokaren hautua egin genuen eta horretan berresten gara egunero. Ez gara lehenak, baina ezta azkenak izango ere; katebegi bat gehiago gara bide luze honetan. Bat gehiago eta aldi berean bat, bideak jarrai dezan ezinbestekoa den hori.
Oraina bizi dugu. Injustiziez betetako egunerokotasuna, mundu bidegabe honen berriak eguneroko ogia dira jada guretzat. Altsasuko gazteak bidegabekeri osoz nola eraman zituzten ikusi genuen. Klima aldatzen doala, eta zein urtarotan bizi garen ere ez dakigula ohartu gara. Gazte asanbladan entzun gaitzaten behin eta berriz gure iritzia errepikatu beharra ez dela kasualitatea ikasi dugu. Kontraturik gabe eta 700 eurora iristen ez den soldatetara ohitu gara, bi hilean behin lanpostuz aldatuz. Maite ditugunak kristal baten atzean ikusteko 825 kilometro egitearen nekea eta indarra sentitu dugu. 24 urterekin gurasoen etxetik lehenago emantzipatzea amets bat besterik ez dela ikusi dugu leihoaren bestaldetik. Euskara hutsez ikasteak dituen oztopo eta trabez ohartu gara. Auzoan etxegabetze bat gehiago egon dela entzun dugu irratian joko areto berri bat inaguratzen ari ziren bitartean. Gure gorputzak eta sexualitateak ezkutatu ditugu gizartean posizio hobea izan genezan. Ikusi dugu gutxiengoaren interesen baitako bilera egiteko nola hartu zuten Miarritze elite ekonomikoaren ordezkariek. Zubietan errauskailu bat eraikitzen ari zirela Zaldibarko zabortegia erortzen ikusi dugu. Gure herriko zaharrenek kontatutakoarekin bat egiten ez duten istorioak ikusi ditugu Netflixen, eta amorratu gara. Gure herria ezabatzeko etengabeko saiakerak sumatzen ditugu nonnahi.
Bai, zapalkuntzaz gurutzatutako bizitzak dira gureak. Baina ez gara sofatik horiei begira geratzen. Kaleak bete ditugu, eztabaidatu dugu, formatu eta ahaldundu. Gure egoera salatu dugu, eta ez gaudela bakarrik ikusi dugu, taldean antolatu gara. 40 minituak, maitasunezko 2400 segundu bilakatu ditugu. Emantzipatzeko proiektu, alternatiba eta bizi eredu desberdinak eraiki ditugu. Itxi dugu auzoko joko areto berria. Euskaraz ikasteko eskubidearen alde lan egin dugu. Gure HARROtasuna politizatu eta antolatu gara. Beste mundu bat nahi dugula aldarrikatu dugu, eta Irun-Hendaia gure herri bilakatu. Joaquin eta Alberto gogoratu ditugu, eta amalurraren defentsan mobilizatu gara. Katebegitzat ditugu gure buruak, aurrekoei jasoa ondorengoei trasmititzea eginkizuntzat hartzen dugu.
Bidean bizi ditugu zapalkuntzak, eta borrokan bizi ditugu. Borrokan bizi gara eta bizitzak erdigunera ekartzeak daukan garrantzia ikasi genuen aspaldi. Egungo egoeran, konfinaturik 34 egun daramatzagun honetan, are eta pisu handiagoa hartu du horrek. Inoiz baino modu gordinagoan azaleratu baita bizitza vs kapitala dikotomia. Eta guk bizitzez hitz egiten dugunean, denon bizitzez ari gara, elkar sustengatzen duten bizitzez, elkar zaintzen duten bizitzez. Krisialdi honetan eraiki den errelatoan osasuna eta ekonomia elementu kontrajarri gisa planteatu zaizkigu; bata ala bestea aukeratu behar bagenu bezala eta horretan dago koxka hain zuzen, elementu horien arteko loturan. Landu beharreko gaiak dira, bizitzen mesedetan norabidetu beharreko gaiak, ordea egoera berezi eta ezegonkor honek, beste behin erakutsi digu egungo sistemak ez duela balio, kapitalari soilik erantzuten diola. Eta beraz, balio eraldatzailea duten praktika eta ereduak ekarri behar ditugula guk. Asmatu, probatu, aldarrikatu eta antolatu.
Horregatik, norberaren zaintza, elkarren arteko zaintza eta proiektuaren zaintza dira guk aspalditik aldarrikatzen duguna. Azken egunotan bizitzak modu kolektiboan zaintzea eta horri herri bezala erantzutea prakrikan jarri dugu. Eta hori Euskal Herri sozialista eta feministaren ehun komunitarioa eraikitzera bidean urrats bat gehiago dela sinetsita gaude. Herrigintza eta elkartasune ekintza bat beste ezer baino gehiago. Horren gainean eraikiko baitugu herri askea, behetik eta ezkerretik, elkarlaguntza eta eraldaketatik.
Aurtengo udaberriko ekimenak egoera berezian harrapatu gaitu. Ez dugu motxilarik prestatu, ez gara Uxueko gaztelutik abiatu, ez ditugu mendiko botak jantzi, eta ez dugu Erriberriko akanpalekuko lur gogorrean kanpinik iltzatu. Ez gara Tafallara eguzkipean iritsi, eta ez dugu segurtasun txanda amaiezinik egin. Ezin izan dugu antolatzen ari ginen bidehbat ekimena nahi bezala ospatu, denok elkarrekin. Baina argi dugu baldintza berezienetan ere ez garela gelditzen eta antolatzen jarraitzen dugula. Erantzukizunez eta zaintzaz jokatzen saiatu gara, irudimentsuak eta ausartak izaten. Aurtengoan ez gaude elkarrekin, baina batera gaude.
Batera eta elkarrekin eraberrituko dugu askapen prozesua, egiten ari garen bidea. Pasa den urtean hala genioen, gazte belaunaldi berri baten bultzada behar zuela Herri honen askapen borrokak. Hala behar zuen, hala behar du eta hemen gaude. Hona iritsi gara bidezidor ezberdinetatik denon bidea elikatzen jarraitzeko. Praktika eta diskurtso berriak mahagaineratu eta herri prozesu baten mesedetan jartzeko.
Militante politikoak gara, konpromisotik eta maitasunetik ari garenak eguneroko lanean, Euskal Herri sozialista eta feminista eraikitzen gabiltzan militanteak. Badakigu ez dela erronka makala, baina argi dugu antolakuntzaz eta borrokaz lortu dezakegula. Eta egunez egun ari garela, ari garela gure ametsetara gerturatzen, gure ametsak eraikitzen. Gertuago gaudela lortu nahi dugun horretartik, gure egunerokoa ere eraldatzen ari garelako. Horrexek egiten baikaitu, borroka eta eraldaketa goseak.
Bide bat hartu, bizi eta borrokatu behar genuela genion Nafarroa erdialdian egitekoak ginen ekimena aurkezterakoan. Argi daukagu bidea hartua dugula, norbanakotik kolektibora; eta kolektibotik askatasunera eramango gaituen bide hau. Bidean irakaspenak eta bizipenak pilatzen goaz, egunero borrokarako arrazoi bat gehiago aurkituz, ilusio, indar eta gogo amaitezina pilatuz. Eta borroka da hain zuzen, bidea egitea, helburu horiek, gose hori, amets denak betetzeko daukagun bidea. Gazte antolakuntzak, eta belaunaldi berri honek emango baitio Euskal Herriari behar duen bultzada. Gure kontraesan, beldur, zirrara eta gogotik.
Bidean jarraituko dugu, eta irabaztera goaz.
Gora euskal gazteria!
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Aitzina eta gora Ernai!
Gora Euskal Herria sozialista eta feminista!
2020ko apirilaren 12an, Ernai eta Aitzina Gazte Antolakundeak.