Azkoiendik Iruñera eta Iruñetik Bilbora, prekarietateari #AteakItxi!

Huerta de Peraltako langileek gogora ekarri dizkiguzue Euskal Herrian guztion eskubideen alde borrokan aritu diren eta egunerokoan aritzen diren langile borrokak. Ez diezagutela esan borrokak merezi ez duenik! Eta gogoan izan nahi ditugu itzaletan greba hau eta beste asko sostengatzen ibili diren eta ibiltzen diren emakumeak. Aupa zuek! Borroka eredu zarete eta bidean tinko ari zarete!
Greba honek ezkutatu nahi dizkiguten esplotazio egoerak ikusarazi ditu. Gazteok ere prekarietatea gure azalean bizi dugu egunerokoan. Horren adibide argia dira emakume*gazteok egiten ditugun ezkutuko zaintza lanak, doako praktikaldiak, zabor kontratuak, ETTak, bekak, gure jardunaren desbalorizazioa, atzerrira joan beahr izatea, hezkuntza sistemak inposatzen dizkigun ikasketak, formazio kontratuak…
Prekarietateak baditu milaka aurpegi. Gure esku dago aurpegi horiei irmotasunez aurre egitea. Prekarietatearen aurpegien aurrean, antolatzea eta gure arteko sareak sendotzea besterik ez dugu: lantegietan, kaleetan eta ikastetxeetan, gogor eta tinko. Aurrean izanen gaituzue! Gazteok ez gaude prest sumisiora eta esplotaziora kondenatu nahi gaituen eredu kapitalista heteropatriarkalean bizitzeko.
Prest gaude borrokarako. Prest gaude lantegi, kale eta ikastetxeak astintzen jarraitzeko. Prest gaude kolektiboki borrokatzeko. Prest gaude Euskal Herria independente sozialista eta feminista eraikitzen jarraitzeko. Eta egunez egun eginen dugu hori; gaur Iruñean egin dugun bezala, gazteok otsailaren 16an prekarietateari ateak itxiko dizkiogu Bilboko kaleetan. Azkoiendik Iruñera, Iruñetik Euskal Herri osora. Elkartasuna, duintasuna, auzolana, konpromisoa eta borroka!
Gure eskubideak gure zainetako odola dira. Hiltzen bagaituzte ere, ez ditugu ahaztuko.
Antolakuntza eta borroka.
Gora Nafarroa sozialista!
Gora langileon borroka!