Autodefentsa feministaz egingo dugu

2019ko azaroaren 25 hau feminismoaren hedatze testuinguru baten heldu zaigu maila globalean. Baita Euskal Herri mailan ere. Hala ere, eraso sexistek eguneroko ogia izaten jarraitzen dute, baita jendartea goitik behera zeharkatzen duen biolentzia heteropatriarkal kapitalistak ere. Feminismoak egindako lan nekaezinari esker ikusgarritasuna eman dio biolentzia heteropatriarkal kapitalistari, eta neurri ezberdinean bada ere arazo sozial bezala kokatzea lortu dugu hainbat kasutan; mugimendu feminista subjektu politiko bezala indartu da eta jendartearen mundu ikuskeran eragiteko gaitasuna irabazi du. Hala ere, aldaketa kualitatiboak modu efektiboan eragiteko gaitasuna irabaztea da erronka mugimendu feministarentzat: eragitetik eraldatzera pasatu behar gara.
Feminismoaren indartze horren aurrean sistema kapitalista heteropatriarkalak erreakzionatu du. Alde batetik erreakzio ultramatxista eta kontserbadore bat ematen ari da, eraso sexisten egiturazko izaera eta biolentzia heteropatriarkal kapitalista ukatzen dituena. Erreakzio hau eskuin mutur neofaxitaren eta sektore ultrakatolikoen indartzearen eskutik etorri da nagusiki. Erreakzio horri lotuta badaude joera lausoagoen bidez biolentzia horren erlatibizazioa egiten dutenak, baita eraso sexistak arrazismoa edo xenofobia justifikatzeko baliatzen dituztenak ere. Bestetik, sistemaren asimilazio eta instituzionalizazio saiakera bat ematen ari da; kasu honetan mugimendu feministaren gidaritza bazertu eta aldarrikapen nagusiak jaso, edukiz hustu eta baliabidez hornitu gabe aplikatzen dira.
Testuinguru honetan mugimendu feministarekin bat eginez autodefentsa feminista erdigunean kokatzeko apustuan berrestea dagokigu azaroaren 25 honetan, hau da, heteropatriarkatu kapitalistak eragindako biolentzia guztiei aurre egiteko antolakuntza espazioak, tresnak eta jarrerak eraikitzeari ekitea. Diskurtso biktimizatzaileek agentzia gaitasuna kentzeari eta beldurra elementu paralizatzaile bezala ulertzeari aurre egiteko tresna da autodefentsa feminista; ez dugulako salbatzailerik behar, subjektu aktiboak eta protagonista izan behar garelako heteropatriarkatu kapitalistaren biolentziaren aurrean.
Biolentzia heteropatriarkal kapitalistari aurre egiteko, eta modu ikusgarriagoan eraso sexistei, ez dira nahikoa hitz politak eta errora begiratzen ez duten politikak, nazkatuta gaude garbiketa moreaz. Mugimendu feministaren aitortza politikoa ezinbesteko baldintza da, bertatik egiten diren proposamenak entzun, aitortu eta beharrezkoa denean baliabidez hornitu. Ez dugu poliziarik behar gu zaintzen, ezta gure hitza etengabe zalantzen jartzen duen (in)justizia sistema punitibistaren gogortzea; behar duguna prebentziorako estrategiak dira, salaketa jartzeari lotuta ez dauden baliabide doakoak eta kalitatezkoak (legalak, psikologikoak, erreparaziozkoak, materialak…), erasotutako emakumeak* protagonista egiten gaituzten eta errespetatzen gaituzten prozesu kolektiboak… Euskal Herriko Bilgune Feministaren irakurketak dioen bezala, ez zaituztegulako behar aske izateko. Euskal Herriko neska* gazteon topaketetan esan zen bezala, asko, aski eta aske garelako. Era berean borrokatu beharrekoak dira gure segurtasunaren izenean eraikitzen diren diskurtso xenofobo eta klasistak, agerikoagoak edo sutilagoak; euskal feminismoak zapalkuntzarik gabeko jendarte baten alde egiten du.
Izebergaren metafora ez da berria: eraso sexistak biolentzia heteropatriarkal kapitalistaren alde ikusgarriena dira. Baina metafora berria ez izanagatik horri loturiko praktikan bide luzea dago egiteko: egiturazko biolentzia bati erantzuteko egiturazko politikak behar ditugu, sistema kapitalista heteropatriarkala jo-mugan jarriz. Autodefentsa feministaren estrategia eremu askotarikoetara hedatu behar dugu, hamaika eremutan boteretu behar garelako. Hemen kontuan izan behar dugu emakumeok* emakume izateagatik jasaten dugun biolentzia heteropatriarkal kapitalistak ez daukala eragin berdina guztiongan, eta beraz, klase eta arraza aldagaiek zeharkatzen dutela. Izan ere emakume* langileak eta bereziki emakume* arrazializatuak dira insitituzioetatik egiten diren proposamenetatik kanpo geratzen direnak, baliabide gutxiago eta sistema kapitalista heteropatriarkalarekiko menpekotasun handiagoak dituztenak.
Emakumeok* eremu ezberdinetan boteretzeak sistema kapitalista heteropatriarkalarekiko menpekotasuna gutxitzea esan nahi du, eta beraz, biolentzia heteropatriarkal kapitalistari aurre egiteko prestatuago egotea. Zentzu horretan eremu zehatzetan eragiteko antolatzea edo saretzea garrantzitsua izango da etxeko langileen, emakume pentsiodunen edota emakume nekazarien esperientzietatik ikasiz. Baita eremu ezberdinak feminismotik eraldatzeko dauden esperientzietatik ikasiz ere (kazetaritza, zuzenbidea eta abar); esperientzia hauek ezagutu eta hedatu behar ditugu. Gainera, garrantzitsua da mugimendu feministak eskubide sozialen zabalpenerako borroka bere egitea, zuzeneko edo zeharkako soldatekiko menpekotasuna gutxitzeak eremu horretan ematen diren eraso eta biolentzia heteropatriarkal kapitalistaren adierazpideei aurre egiteko aukera gehiago ematen dizkigutelako. Honek zaintza lanen aitortza soziala eta horren ondoriozko eskubideen aitortza esan nahi du, baina baita “Ley de extranjeria” bezalako legeak borrokatzea, mugimendu feministako kideek gogorarazi diguten bezala.
Egiturazko neurriak hartzea garrantzitsua bada ezinbestean botereaz hitz egin behar dugu, hau da, neurri horiek ezartzeko eta ezarriarazteko gaitasunaz, eta beraz, burujabetza feministaz. Hego Euskal Herrian burujabetza feminista gauzatzeko botere politikoaren eskuratzea bertako mugimendu feministaren boteretzetik dator, baina baita Euskal Herriko burujabetza prozesu batetik ere. Are gehiago, Espainiar estatuan ematen ari den eskuin muturraren gorakadarekin eta joera zentralizatzaileekin. Euskal Herriko herrigintza eta autoeraketa prozesuak zein Espainiar estatuarekiko haustura demokratikoa feminismoaren aldarrikapenak gauzatze bidean jartzeko aukera lehio izan daitezke, eta soilik mugimendu feministaren ekarpenarekin lortuko dugu eraldaketa horiek feminismotik ere egitea.
Borroka feminista eta bestelako borroka sozialak lotzea gakoa da eraldaketa sozialerako, eta horregatik, bestelako sektore sozialekin aliantza eta elkarlanean sakontzea beharrezkoa izango da indarrak biderkatzeko. Urtarrilaren 30eko greba orokorra mugarri garrantzitsua da eta Euskal Herriko Feministok bertan egon behar dugu: langileekin, pentsionistekin, gazteekin… borroka sozial hauen artikulazioak Euskal Herriko borroka sozialen indartze eta hedatze batera eraman behar gaitu; eta horren bidezko Euskal Herriko langile eta herri sektoreen posizio eta indar soziala handitzera. Euskal Herri sozialista eta feminista eraikitzera bidean, artikulazio horren bidez Euskal Herrirako alternatiba soziala gorpuztea da gakoa, justizia sozialean eta bizitza bizigarrien eraikuntzan urratsak emateko eta sistemaren erroetara joateko baldintzak eraikitzeko.
Autodefentsa feminista estrategia kolektibo bat da emakumeoi* eragiten digun biolentzia heteropatriarkal kapitalistaren izaera egiturazkoaren aurrean. Euskal Herriko V. jardunaldi feministetan mintzagai izan zen bezala biolentzia horrek ezaugarri ezberdinak ditu zapalkuntza ezberdinen gurutzaketaren ondorioz, eta beraz ezin dugu tresna homogeneo bezala ulertu: autodefentsa feminista behetik gora eraikitzen den tresna kolektiboa bat izan behar da, gorputzetatik, eta elkartasunean oinarrituta saretu behar dena.
Neska* gazteok biolentzia heteropatriarkal kapitalista modu espezifikoan pairatzen dugu. Gaztaroa garapen aldi bizia da non neska* gazteok gure bizi-proiektua eraikitzeko prozesuan murgilduta gauden. Prozesu hau ez da mekanikoa edo neutroa, baizik eta zapalkuntza sistema askotarikoek zeharkatutako heteropatriarkatu kapitalista da, besteak beste. Heziketa prozesua dugu adibide argiena: aparientzia tolerante baten pean bada ere, genero rolen arabera hezten gaituzte, heteronormaren baitan, maitasun erromantikoaren paradigmaren baitan. Beste adibide bat gorputzen merkantilizazioa eta horren bidezko disziplinamendu prozesua litzateke kanon estetiko gero eta zorrotzagoen bidez; zeinak gure autoestima eta osasuna (fisikoa eta psikikoa) arriskuan jartzen dituen onarpen sozial baten izenean. Plano ekonomikoak ere gure bizi-proiektua baldintzatzen du: lanaren banaketa sexualak, zaintzaile bezala heziak izateak, eta soldata arrakalak besteak beste zoru itsaskorrera lotzen gaituzte esaterako.
Feminismoa bizi-proiektu horien eraikuntzan eragiteko tresna izan behar da neska* gazteontzat, sisteman asimilatuta ez dauden bizi-proiektu eraldatzaileak eraiki ahal izateko. Hori dela eta, neska* gazteok autodefentsa feministarako estrategia espezifikoak ere garatu behar ditugu. Orain arte autodefentsa feministako estrategia garatuenak eraso sexisten aurkako protokoloak izan dira, bereziki jai-eremuetan; beharrezkoa da estrategia horiek neska* gazteok gauden beste eremu batzuetara zabaltzea eta ez soilik eraso sexitei erantzuteko. Esaterako hezkuntza feministan aurrera urratsak emateko, neska* gazteok ikasle bezala protagonista bezala kokatuz eta ez hartzaile huts bezala. Honek, neska* gazte bezala hausnarketa propioak emateko beharra ekartzen digu, irakurketa propioak egin beharra. Neska* gazteok eremuz eremu feminismotik boteretu behar gara, gure bizitzako eremu ezberdinei feminismotik alternatibak eraikitzeko.
Autodefentsa feminista estrategia kolektiboa den heinean antolakuntza ezinbesteko osagaia da, eta neska* gazte feministok erronka handia daukagu eremu honi dagokionez. Azken urteetako mobilizazio feminista jendetsuetan neska* gazte asko aurkitu gara, baina mobilizazioa antolakuntza eta eragiteko estrategia bilakatzea beharrezkoa da. Mugimendu feministaren antolaketa espazioak eta sareak indartu behar ditugu, talde feministak indartu behar ditugu eta beharrezkoa bada espazio berriak sortu. Era berean, neska* gazteok autodefentsa feministarako estrategia propioak garatu behar ditugun heinean, neska* gazte taldeak eta sareak indartzeko apustu berezia egitea dagokigu Euskal Herriko Mugimendu feministaren baitan. Feminismoaren izaera praktiko eta kolektiboa aldarrikatu behar dugu. Feminismoa belaunadi gazteon politizaziorako espazio bilakatu da, sarritan mobilizazio handien eta sareetako erreferentzia ezberdinen bidez. Politizazio prozesu hauek antolakuntza prozesu bilakatzea da daukagun erronka.
Azaroaren 25 hau ere pasatuko da, baina Autodefentsa Feminista hedatu, estrategia eraginkorrak diseinatu eta sistema kapitalista heteropatriarkalarentzat asimilagarria ez den feminismo eraldatzaile eta deseroso bat gorpuzteko lanak gure egunerokotasunean jarraitu behar du. Azaroak 25 hau izan dadila indarrak hartzeko mugarri berri bat, atera gaitezen kalera neska* gazte feministok.
Ez digutelako ezer oparituko, Euskal Herrian bizitzeko guk autodefentsa feminista! Borrokan ikusiko dugu elkar.
Guk autodefentsa feministaz egingo dugu!