Aurrean Gara Gaur

Gaur Gernikan batu gara “Aurrean Gara Gaur. Memoria eta antifaxismoa” kanpainari hasiera emateko. Orain 85 urte Euskal Herrian faxismoaren altxamenduak eragindako gerra, suntsiketa eta zapalkuntzaren kezkak batu gaitu. Horretatik abiatuta, hainbat herritako militanteon artean gertakari horien memoria eta antifaxismoaardatz dituen kanpaina martxan jarri dugu.
Busturialdeko, Durangaldeako, Txorierriko, Uribe Kostako, Ezkerraldeko, Bilboko, Lea-Artibaiko, Hego Uribeko,Debabarrenako, Debagoienako, Buruntzako eta beste hainbat eskualdetako gazteak gara. Gure herrietan, duela 85 urte gertatutakoa oroitu eta askatasun ikur bilakatu nahi dugu. Horregatik garatu ditugu orain arteko ekimen eta ekintzak; eta hurrengo hilabeteetan ere garatuko ditugu. Ekimen horiekin, egiazko memoria justuan eta gaur egungo antifaxismoan gurea alea jarri nahi dugu; batez ere, 2022an borroka antifaxista aberasten eta indartzen gure aletxoa jartzeko asmoarekin. Horien artean, maiatzaren 7an egingo dugun Bizkargi eguna azpimarratu nahi dugu.
Euskal Herriko eta gure herrien historia ulertzeko, ezinbestekoa dugu duela 85 urteko gertakariak oroitzea. Faxisten altxamendua, gerra, suntsiketa, errepresioa eta 40 urteko diktaduraren hasiera. Espainiar faxismoaren bortizkeriaz, Euskal Herriarekiko eta herri sektoreekiko zapalkuntzak gogortu ziren.
1978ko Trantsizioaz geroztik, oinarri politiko berberak mantendu ziren, Trantsizioan Espainiako Estatua itxuraldatzeko operazioa gauzatuta. Dena ondo lotuta mantentzeko aurpegi garbiketa hutsa, gaur arte biziraun duen 1978ko Erregimena sortzeko: monarkia, elite ekonomikoen agintea, kolonialismoa, komunikabide handien erabateko kontrola, botere judizialean eta indar armatuetan frankismoaren jarraipen hutsa, herrien erabakitze eskubidea eta autodeterminazio eskubidearen onarpen eza… Hitz gutxitan, demokrazia eta askatasun eza herritarentzat eta Euskal Herriarentzat.
1978ko Erregimena, nazioarteko eskuin muturraren gorakadarekin batera, faxismoaren oldarraldi berri baterako agertokia dira. Eta dagoeneko horren eragina bizitzen ari gara: eskuin muturraren gaitasuna gizarteko hainbat gaitan agenda markatzeko, autoritarismoaren gorakada bortitza, indar polizialetan eta estatuko aparatu zehatz batzuetan faxisten integrazioa, edota faxismoaren jo puntuan daudenen aurkako indarkeria: LGTBfobian, matxismoan, arrazismoan eta euskaldunekiko gorrotoan, besteak beste. Eskuin muturra joera horiek indartzen ari da eta horietatik ulertu behar ditugu gero eta ohikoagoak diren transmaribibolloon kontrako erasoak, neska gazteon aurkako indarkeria matxista, euskararen kontrako erasoak erakunde eta epaitegietatik, arrazismoaren gorakada eta arrazismo instituzionala, autoritarismoa eta disidentzia politikoaren kontrako errepresioa eta abar luze bat.
1937ko gertakarien memoria egiteko ardura gure egiten dugu, belaunaldiz belaunaldi gure Herriaren historia transmitituz. Duela 85 urteko zapalkuntzatik ulertzen ditugu gaur egun Euskal Herriak eta euskal herritarrok bizi ditugun zapalkuntzak. Eta era berean, orduko erresistentzia eta borrokatik datoz egungo borroka askatzaileak eta Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka.
Duela 85 urteko askatasunaren aldeko borroka antifaxistan, 1960. hamarkadatik aurrera nazio askapen mugimenduan, euskalgintzan, langile mugimenduan, feminismoan, transmaribibollo borrokan, borroka ekologistan, errefuxiatuen aldeko eta arrazakeriaren kontrako borrokan… Horietan guztietan eta beste hamaika borroketan, Euskal Herri aske, eraldatzailea eta antifaxista eraikitzeko urte luzeetako borroka nekaezina egon da. Gure aitortza egin nahi diegu borroka horiei, horietatik ikasi, eta egungo borroketan gure aletxoa jartzeko asmoarekin.
Gaur egungo testuinguruan, mezu nagusi bat helarazi nahi diogu euskal jendarteari eta euskal gazteriari: faxismoaren eta eskuin muturraren gorakada ikusita, aurrean gaudela, aurrean gara gaur! “Gaur” diogu, faxismoa egun gure artean bizi delako, espazioak irabaziz. Eta “aurrean garela” esaten dugu, dagoeneko bagaudelako, beste hamaika borrokekin batera, bagaudelako, eta gero eta gehiago izango garelako.
Milaka eta milaka gazte gara mota guztietako borroketan, jendarte eta Euskal Herri aske baten alde antolatzen garenak: trasmaribibollo borrokan, feminismoan, Euskal Herria harrera herri bihurtzeko lanean, euskalgintzan, Euskal Herriaren aitortzaren aldeko borrokan eta bestelako hamaika borroka eta proiektu eraldatzailetan. Horietan guztietan, antifaxismoa bizi-bizirik dago, eta borroka horietatik egiten den lana txalotu nahi dugu, etorkizuneko Euskal Herri aske eta antifaxista eraikitzen ari direlako.
Gaur egun, antifaxismoak, faxismoari erantzun zehatzak egitea beharrezkoa du, eta behar den guzietan egingo dugu. Horrekin batera, ezinbestekoa izango da, faxismoak leku txikiena ere izango ez duen Euskal Herriaren eraikuntzan lerratzea. Gazteok lehen lerroan gaude.
Gora Euskal Gazteria!
Gora Euskal Herria askatuta!