Aiaraldeko gazteak ‘Tubos Reunidos’-eko langileekin bat

Gazteon bizitzak prekarietatez ezaugarritu dizkigute, bizirautera kondenatu. Eta enpleguari lotutako baldintza kaxkarrez haratago, ziurgabetasuna, heldulekurik eza eta segurtasun falta nagusitu dira gure bizitzako eremu guztietan. Ondorioz, emantzipatu eta bizi proiektu duin bat proiektatu eta eraikitzea ezinezkoa bihurtu da. Eta jakin badakigu hau ez dela trantsitorioa edota koiunturala. Prekarietateari ate guztiak lehenbailehen ixtea beharrezkoa da, berak irentsiko gaitu bestela. Askok pentsatuko dute egoera ez dela beldurtzeko adinakoa, baina bada. Gazteok larrialdi egoeran gaude!
Espainiar erregimena bere ohiko jarrera autoritarioan gogor mantentzen da, eskuinaren gorakada ikusten ari gara Europan eta datozen urteerako eskaintza berbera izango dela susma dezakegu: inboluzionista, antidemokratiko, antosizial, autoritario eta errepresioari bide ematen diona. Prekarietateak beraz, gazteon bizitza ezaugarritzen jarraituko du alor bakoitzean eta denetan.
Ildo ezberdinetatik bultza behar diogu prekarietatearen aurkako borrokari, eta denok bat eginez. Izan ere, zenbaitetan egoeraren aurrean bakarrik sentituagatik, guztiak gaude egoera antzekoan eta guztiok egin dezakegu zerbait egoera hobetzeko. Beraz, kolektiboki alarmak piztu eta prekarietateari ateak ixtea dagokigu. Aiaraldean, Euskal Herrian bizi ahal izateko ezinbestekoa izango baita hori.
Amurrioko Tubos Reunidos (TRI) enpresa aurpegi anitzeko prekarietate horren beste adibide bat besterik ez da. Enpresak urte bete baino gehiagoz luzatuko den “Enpresea-erregulazio espedientea” ezarri die langileei (azken 10 urtetan laugarrena). ERTE-ak langileak ziurgabetasun egoera batera kondentazeaz gain emaitza lazgarriak ekarriko dizkio eskualdearen osotasunari.
Kaleratzeak, lan eskubideen murrizketak, enpresa-buruen xantaiak… ohiko errezeta dira bai Tubosen baita eskualdeko gainontzeko enpresa handietan ere. Horren kontra lerratzeko ordua iritsi zaigu gazteoi. Aiaraldean duintasunez lan, bizi eta ikasi nahi dugula aldarrikatzeko ordua.
Horregatik Tubos Reunidoseko langileen aldarriekin bat egin dugu gaur Zarobe institututik egin dugun martxan.
Euskal Herrian Bizi nahi dugulako, gazteon oraina borrokan da!