Adur, Jokin eta Oihan etxera

Urte bat pasatxo da Altsasuko gazteak bahitu zizkigula Guardia Zibilak eta gaurkoan ere txiki geratu da Altsasu. Epaiketa data jarrita dagoen arren, dagoeneko aski epaituak eta zigortuak izan dira. Hedabideen manipulazio eta ikuskizunagatik, salbuespen legediagatik eta behin-behineko espetxeratzeagatik.
Zona Especial Norte-n gazte izatea gogotik ordaintzen da, euskalduna eta gazte izatea terroristaren sinonimotzat hartzen baititu espainiar estatuak. Gerra egitera eta menpeko hartzera etorri zirenen xedea argia da: gure herrian arrotz bilakatu nahi gaituzte.
Hego Euskal Herriko 23.000 indar polizialek militarizatutako herri baten argazkia ematen digute. Ongi baino hobeto ezagutzen dugu indar polizial hauen jarrera oldarkorra. Eta baita haien kideen jarrera makarra ere. Indar errepresiboek karga polizial, tratu txar eta iraingarri eta tortura zerrenda luzea osatzen dute. Guardia Zibila argienetatik argigarriena.
Altsasun gertatutakoa gaueko liskar bat baino ez zen izan. Baina liskar hau nekez gertatu liteke Euskal Herriak okupazio militarra pairatuko ez balu, gazteak egunero jazartzen dituzten indar errepresiboak harrokerietan ibiliko ez balira. Eta, arrazoi berdinagatik hain zuzen ere hainbat herritan tankerako gertakariak eman dira azken urteetan, Zuia eta Algortan adibidez.
Arazoa politikoa den heinean konponbideak politikoa behar du izan. Indar okupatzaileek Euskal Herritik atzera egin behar dute ezinbestean, Euskal Herriko indar errepresiboak desegin behar diren bezain bestean.
Euskal Herria gatibu mantendu nahi duen espainiar estatuak ordea, gatazka politikoaren konponbide zantzu oro uxatu nahi du. Kontrara, bere izaera antidemokratikoan berresteko asmoa baino ez duela erakutsi du, Katalunian zein Altsasun.
Horregatik Oihan, Adur eta Jokin urte bat bahituta daramaten honetan Ernaik pairatzen duten epaiketa politikoa bertan behera geratzea eta berehala askatuak izatea exijitzen dugu. Bidenabar, dei egiten diogu euskal gazteriari haien alde mobilizatzen jarraitzera. Baita errepresioaren kontrako eta indar errepresiborik gabeko Euskal Herri baten alde lanean egitera.
Besarkada bat gazte eta beraien senidei.
Denok gara Altsasu, denak etxera!