Abenduak 6, #EzerEzOspatzeko

Soilik gorde nahi dena aldatzen da. Eta hala hasi zen oligarkia frankista trantsizioa antolatzen Franco hil baino lehenago. Franco diktadorea orain dela 42 urte hil zen lasai asko bere ohean. Mugimendu nazional-katolikoaren oinarriak bere horretan mantentzeko dena lotuta eta ondo lotuta uzteko patxada izan zuen, eta ordutik hona denontzako kafearen zapore ustela izan dugu ahoan.
Frankismoa legeztatu, legitimatu eta biziraunarazi zuen erreforma politikoak erreformismorik zitalena izan zuen bidelagun. Dena liburu sakratuaren txapelpean, espainiar konstituzioa. Euskal Herria bizirik mantendu nahi zuen herriak, herri borrokak eta langile auto-antolakuntzak aurre egin zion inposatu nahi izan zuten erreforma politiko odoltsuari. Frankismoarekin behin betiko haustearen beharrari neoliberalismoaren inposizioa gelditu beharra atxiki zitzaion.
Hego Euskal Herriak eskuratutako garaipen sozialak eta autonomia markoak ez dira herriaren askatasun nahia saldu zutenen arrakasta. Paktismoa eta autonomismoa euskal oligarkiaren klase interesak defendatzeko formula politikoa besterik ez da, herri bultzada ororen galga eta askatasun grinaren aurrean suhiltzaile lanak betetzen dituen indar politikoa. Atzo eta gaur.
Garatu beharreko oinarri gisan saldu zuten 78ko konstituzioa. Sorturiko agertoki post-frankistan, hausturaren aldeko posizioei uko egin eta paktuen bidezko hegemonia politiko eta ekonomikoa eskuratu nahi izan zuten indar politikoek. Kea besterik ez.
Izan ere, hitzei baino ekintzei erreparatzen badiogu kontaketa hau ez dirudi oso fidagarria. Ezker espainolak espainoletik ezkerretik baino gehiago izan du. PNV alderdiaren izaera erregionalista eta kolaboratzailea agerian geratu da.
40 urteetako garapenaren ostean, argi eta garbi ikusten dugu espainiar estatuak inboluziorako jarrera baino ez duela erakusten. Gure arbasoek borrokaren bidez eskuratutako garaipen sozialak parez pare txikitzen ikusi ditugu. Europar Batasunak eta espainiar estatuak inposatutako nazioarteko hitzarmen neoliberalen bidez, lan erreformen bidez, ekonomia espekulatiboaren eta Euskal Herriko ehun produktiboaren suntsipenaren bidez prekarietate hutsera kondenatu gaituzte.