Abenduak 6, ezer ez ospatzeko

Gazteok independentzia

78ko erregimenaren zutabe eta adierazpen nagusietako bat da espainiar konstituzioa. Inposizio kapitalista patriarkalaren sinboloa. Espainiar proiektuaren batasuna guztiaren gainetik kokatu eta dena “ondo lotuta” uzten duen konstituzioa. Frankismoaren diktadura eta sasi-trantsizioaren zuriketarako tresna.

Gaur, betetzen ez diren eskubidez osaturiko orri mordoa ospatzearekin batera, erreformaezina den estatu baten proiektua ospatzen da, erregimenaren erreafirmaziorako egun bat da, alegia. Ospakizunaren atzean, lurraldetasun krisi sakona ezkutatu nahi duen estatu ukatzaile bat dago. Demokraziaz mozorroturiko Erregimenean oraindik ere debekatua baitugu Euskal Herriak eta estatuko gainontzeko nazioek geure izana eta izaera erabakitzea. Geure bizitzen esparru guztien jabe izatea.

Egun, 78an bezala, Euskal Herriak ez du ezer ospatzeko, gazteok ez dugu ezer ospatzeko. Ez gara sartzen haien markoan, ez gara sartzen espainiar estatu espainol ustel batean, eta ez dugu sartu nahi. Ez dago balio duen erreformarik, erroan baitago estatu honen arazoa, jatorria eta helburua: Frankismoaren zuriketa eta oligarkiaren beharrei erantzutea. Frankismoaren erreforma transakziorako baliatu zuen oligarkia bera baita gaur egun langileon bizitzekin jolasten dabilena. Horren ondorio da, esaterako, azken hilabeteotan oligopolio elektriko espainiarrak argindarraren prezioaren espekulazioarekin eragindakoa. Tribunalek funtsezko papera betetzen jarraitzen dute Erregimenaren oinarriak erori ez daitezen. Izan ere, “justizia espainiarra” izan da ustelduta dagoen monarkiari inpunitate osoa eman diona eta, aldi berean, inperialismo linguistikoaren izenean euskararen kontrako etengabeko erasoak zuzendu dituena.

Gazte izateagatik bizi ditugun problematikak eta zapalkuntzak betikotzeko erregimena da 1978ko Erregimena. Egunerokoan eta gazte ezberdinon elkarrekintzatik horiek gainditzea dagokigu: hezkuntzako prekarietateari eta unibertsitate erreformei erantzunez, lan eremuko ziurgabetasun eta prekarietatea salatuz, emantzipazio zailtasunei aurre eginez, gaixotasun psikosozialei, gazteonganako kriminalizazioari, indarkeria faxista, homofobo eta matxistei, antolakuntzaz eta borrokaz erantzunez. Gazteok batuta, gure aldarriak kalera ateraz eta alternatibak sortuz bakarrik egin ahalko diogu aurre 1978ko Erregimenak marrazten digun etorkizun ezari.

Orain inoiz baino gehiago, Euskal Errepublika sozialista, feminista eta euskaldunerako bidea egitea dagokigu. Egunerokoan, herri eta auzoetan, gazte independentistak artikulatu eta etorkizun justu bat eskainiko digun herri askea eraikitzen hasteko unea da, bizitzak eta osasuna erdigunean jartzeko eredu sozial eta ekonomiko berri bat eraikitzekoa. Ezinbestean, burujabetza(k) borrokatu eta lortzea dagokigu, kontraboterea izan eta eraikiz. Horretarako gazte antolakuntza dugu tresna.

Gora Euskal Herria aske, sozialista eta feminista! Gora euskal gazteria!