25 urteko gaztea, LH Dualean eta prekarietaterik gordinenean

Ernai Aiaraldearen oharra

25 urteko gatze bat erail du prekarietateak Laudioko TUBACEX enpresan, 10 urtetan enpresa berdinean hiltzen den laugarren behargina izanik. Aiaraldean kapitalaren heriotzek ez dute etenik: iaz Orozkoko harrobian bi langilek galdu zuten bizia eta duela bi urte Murgako zentral elektrikoan beste gazte bat hil zen beharrean.

Argi dago Tubacex enpresan dagoen prekarietatearen emaitza izan dela gazte honen heriotza. Ez da kasualitatea, Lanbide Heziketa Dualeko ikaslea zen. Eusko Jaurlaritzak gazteentzako irtenbide gisa saltzen du duala baina errealitatea oso bestelakoa da: prekarietaterik gordinena. Asko dira formakuntzaren izenean lan esku merkea izatera bideratzen dituzten gazteak. TUBACEX-TTI enpresan ere bai. Ikasketara bideratutako planik izan gabe eta gehienetan lan-postuak kubritzeko erabiltzen dituztelarik. Gainontzeko langileen lan berdina baldintza eskasagoetan, segurtasun falta….

Prekarietatearen aurpegirik gordinena agertzen zaigu berriro ere Aiaraldean, baina bada denbora Tubacexen egoera jasanezina dela: norbere burua arriskuan ez jartzeko berme falta, langile kopuru murritza, lanerako tresneria nahikorik ez eta formazioa eta segurtasun falta kezkagarriak dira.

Egoera kezkagarrian aurkitzen dira Aiaraldeko beste enpresa batzuk ere: Valvospaineko langileek hilabete baino gehiago daramate greban eta zuzendaritzak enpresa ixtearekin mehatxatzen ditu langileak. Berriak supermerkatuan lan baldintza duinen borrokaldia ere alarma gorrian dago,…

Langileriak oro har, eta Euskal Gazteriak modu zehatzago batean jasaten duen prekarizazio prozesuari aurre egiteko borroka kolektiboaren garrantzia azpimarratu nahi dugu. Egoera jasanezin hau iraultzeko ezinbestekoa da. Esplotazioari aurre egin eta bizitzaren sustengua erdingunean jarriko duen eredu politiko, sozial eta ekonomikoa defendatu eta sustatzen jarraituko dugu. Euskal Herrian Bizi nahi dugu!

Dei egiten diogu Aiaraldea eta inguruetako gazteei gaur antolatutako mobilizazioan parte hartzera.

Prekarietatea hiltzailea!

Kapitalismoa suntsitu!